Compra publica responsable ética, Tecnologia Libre de Conflicto, TLC

Eskatu zure udalari teknologia arduratsua kontsumi dezan! Gatazkarik Gabeko Teknologiaren alde

Erakundea(k): Alboan

Eskatu zure udalari teknologia arduratsua kontsumi dezan

Gatazkarik Gabeko Teknologiaren alde

Sinatu! Eta lagundu produktu elektronikoen erosketa publiko etikoa bultzatzen.

Zure sinadurarekin, arduradun politikoei eskatuko diegu konpromisoa har dezatela “erosketa publiko etiko”rako politikak martxan jartzeko.

Lortu nahi dugu zure udalak, ekipamendu informatikoa berritu behar duenean (ordenagailuak, pantailak, etab.) edo produktu elektroniko berriak erosi behar dituenean (mugikorrak edo tabletak), kontuan har ditzala irizpide etikoak, sozialak eta ingurumenekoak, eta ez soilik prezioa edo ezaugarri teknikoak.

Administrazio publikoek milaka euro gastatzen dituzte urtean teknologian, eta, beraz, erabil dezakete beren erosahalmena emaitza sozial onak eskaintzen dituzten ondasun eta zerbitzuak aukeratzeko. Eta benetako pizgarriak proposa diezazkiekete enpresei, beren hornikuntza-kateen kudeaketan erantzukizun sozialez eta giza eskubideak errespetatuz joka dezaten.

Gaur egun, mugikorrak edo ordenagailuak inportatzen dituzten Europako enpresek ez dute inolako betebeharrik gailu horiek egiteko erabiltzen diren materialen jatorria zein den jakiteko, eta litekeena da gatazka-eremuetakoak izatea, hala nola Kongoko Errepublika Demokratikokoak, Kolonbiakoak edo Myanmarrekoak.  

Ingurune haietan, mineralen legez kanpoko erauzketa eta merkaturatzeak (esate baterako, tantalioa, wolframa, eztainua eta urrea) herrialde horietako krimen antolatua eta talde armatuen finantzazioa sustatzen du, eta horrek zaildu egiten du gatazkak konpontzea. Eta beste kontu bat ere bai: bizitzeko mineral horien eskuzko erauzketaren mende egoteak berekin dakartza gune horietako jendearen bortxazko lana, haur-esplotazioa eta emakumeen kontrako indarkeria.

Gatazka-eremuetako mineralei buruzko Europako 2017/821 araudia betez —2021eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean—, eremu horietako mineralak inportatzen dituzten enpresen betebeharra izango da giza eskubideen urraketarekin lotutako arriskuak behar bezala kudeatzea. Nolanahi ere, osagai elektronikoak eta azken produktuak (gure eskuetara iristen direnak) inportatzen dituzten enpresek ez dute legez bete beharko araudi hori.

Egoera hori dela jakinda, herritarron aukera da erantzukizunez jokatzea eta…udalei eskatzea klausula espezifikoak sar ditzatela produktu elektronikoak (mugikorrak edo ordenagailuak) erosteko kontratu berrietan, enpresa hornitzaileek eginbide egokiz joka dezaten mineralak hornitzeko kateetan.

  • Lehendik indarrean dauden kontratuak izateak ez du eragozten udalak konpromiso hori hartzea; izan ere, ekimen honekin orain bat egiten badute, 2021eko urtarrilaren 1a arteko epea izango dute aldaketa gauzatzeko.

Sinadura-bilketa hau onlineko eragin-ekintza bat da, Gatazkarik Gabeko Teknologia Kanpainaren barnekoa. ALBOAN GKEak sustatzen du, eta harekin bat egin dute Servicio Jesuita a Migrantes Valencia.

Zure sinaduraz baliatuta, nahiko babesa jasoko dugun herrietako udaletan proposamena aurkezteko konpromisoa hartzen dugu.

Sinatu! Erosketa publiko etiko baten alde.

Sinatu! Zure udalak teknologia arduratsua eros dezan

Zuk ere lagundu dezakezu; egin bat gure eskaerarekin, eta mobilizatu!