Escuelas para los niños sirios

Elkartasuna Siriarekin: BAI, noski!

Erakundea(k): EntreculturasyAlboan

Hezkuntzaren alde Sirian: zatoz, mugitu eta sinatu!

Entreculturas, ALBOAN eta JRS erakundeok –Libanon dugun erakunde lankidea da azken hori– erantzuna eman nahi diogu Sirian indarkeriak bizi duen oldarraldiari eta iritzi publikoa mugiarazi nahi dugu, gatazkaren biktima izaten diren haurrak eta horien heziketarako eskubidea babesteko, bai Sirian bertan, bai Siriatik kanpo. Horrez gainera, harrera oneko kultura bultzatu nahi dugu gure herrietan, eta Gobernuari eskatzen diogu helburu horiek betetzeko politikak egin ditzan, bai bere mugen barruan, bai Nazio Batuetan.

Siriak 7 urte daramatza gerran, eta 12 milioi pertsona ditu nahitaez desplazatuta. Horietatik, errefuxiatu-izaera dute ia sei milioik, eta Libanon daude milioi bat pertsona inguru. Hezkuntzarako eskubidea eten zaie bi milioi eta erdi neska eta mutikori.

Honako hau eskatzen diogu Espainiako Gobernuari:

Gerra hasi zenetik 7 urte igaro ondoren eta indarkeria handitu egin dela ikusita, gatazkako biktimen hezkuntza-eskubidea bermatzea eta haiei harrera ona egitea exijitzen dugu.

 

1. Espainiari exijitzen diogu indar handiz bultza dezala nazioarteko esparruetan, bai Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa (NZH), bai Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea (GENZ), eta bereziki bultzatzea eskolen babesa, neskatoek eta mutikoek leku seguruak izan ditzaten gatazka-inguruneetan eta, ondorioz, behar bezala bermatu dadin hezkuntzarako eskubidea larrialdi-egoeretan.

Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluan duen eragin-postua erabili behar du Espainiak, eskolak eta herritar zibilak babesteko NZH eta GENZ esparruetan. Alde horretatik, medikuntzako laguntzak gatazkan dauden herrialdeetan egiten duen lan bera egin behar da, hezkuntzaren alorrean.

2. Orain arte egin duena baino askoz gehiago egin dezake Espainiako Gobernuak pertsona errefuxiatuak legez ekartzeko, eta lan hori egitea dagokio, gainera. Hori egiteko formula asko erabil daitezke, hala nola familiak elkartzeko tramiteak bizkortzea, bisatu humanitarioak arintzea eta ikasteko bisatuak azkartzea, baina ez dira erabiltzen, borondate politikorik ez dagoelako.

3. Garapenerako lankidetzaren alorreko politika publiko indartsu bat berreskuratu eta politika horretan inbertitu behar du Espainiak; izan ere, historiako minimoak iritsi ditu 2017. urtean (Nazio Errenta Gordinaren % 0,21). Garapen apaleko herrialdeetan eta gatazka-eremuekin mugakide diren herrialdeetan bizi dira errefuxiatu-izaera duten 10 pertsonatatik 8; beraz, errefuxiatuak hartzen dituzten gobernuek indartu egin behar dituzte beren integrazio-politikak, beren eskubideak erabil ditzaten pertsona errefuxiatuek –eta hezkuntzarako eskubidea da horietako bat, noski–.Haur errefuxiatuen % 61ek soilik du Lehen Hezkuntza ikasteko aukera; nazioartean, aldiz, batez bestekoa % 91ekoa da. Nerabe errefuxiatuen % 23k ikasten du Bigarren Hezkuntza, eta nazioartean, berriz, batez bestekoa % 84koa da. Hirugarren mailara igota, unibertsitate-ikasketak egiteko garaian dauden gazteen % 34k egiten ditu ikasketa horiek, eta errefuxiatuen kasuan, proportzioa % 1ekoa da.

Era berean, larrialdi- eta gatazka-egoeretan hezkuntza bideratzeko finantzazioa handitu behar du Espainiak. Igoera nabarmenak egin behar dira, aurrez finkatutako egutegi batekin. Europar Batasunak % 6 bideratzen du larrialdi-egoeretan hezkuntza ziurtatzeko, eta Espainiako Gobernuak urrats sendoak eman behar ditu ehuneko horretara iristeko.

Hezkuntzarik ematen ez baldin bazaie haurrei, oraina eta geroa ukatzen zaie, baita ikasi eta jolasteko aukerak eta haurtzaroan nahiz helduaroan duintasunez bizitzeko aukerak ere. Ez da denbora hori berreskuratzen.

Hemen, agiri honetan, azaltzen dizugu gure jarrera, goitik behera.